Terapia eta Irakaskuntza

Terapia eta Irakaskuntza

 

"Hatsari sartzen utzi  aliento1
"ateratzen utzi eta zain egon bere"
"kabuz berriro sartzen den arte"

Ilse Middendorf

Hats irakaskuntza honen sortzailearen hitzetan, hau da, Ilse Middendorf irakaslearen hitzetan, "Hatsa bizitza da". Zelula oro da horretaz elikatzen, hitz oro zaio hari atxikitzen, eztarriko hots oro dator haren jarioari loturik. Sentimenduak haren indarrez bizi dira eta biziaren zailtasunak hartan orekatzen dira.

Prozedura bera dugu erabiltzen, hala oinarrizko nola aurreraturiko lanean: hatsaren mugimendua gorputzak hatsartu eta hatsematean somatzen dugu eta pausak atsedena dakarkigu: hatsa bizikizun iturri bihurtzen zaigu, hala maila fisiko nola psikikoan.

Nork bere baitara bildu eta gorputza soma dezake eta hatsa bizi. Hortik datoz irakaskuntza honen hiru zutabe nagusiak; hona hemen:

- Nor bere baitara bildu (bertan izan)
- Hauteman (sumatu)
- Arnastu

"Hiru osagai horiek elkarren mendeko dira eta Hats Bizigarriaren lanaren funtsa dira" dio Ilse Middendorf irakasleak.

 Hatsaren irakaskuntza eta terapia honen metodologia eta xedeak benetakoak eta berriak dira; langaia, ikertzeko eta aldatzeko gaia, arnaste naturala da.

Ikasten aritzen den ikasle bakoitza da bere irakaslea: batera doaz norberaren hatsa den bezala ezagutzea, hatsaren legeak esperientziaz ezagutzea eta fisikoan eta psikean eragiten dituen aldaketak bizitzea. Prozesu sakona da pertsonarentzat. Irakasle edo terapeutak ariketaren jarraibideak azaltzen ditu, baina ikasleak du zenbateraino lotu, noraino barneratu, erabakitzen eta bere ahalen arabera aritzen da. Mugimenduan bizi du hatsa, horrek dakarren guztiarekin: buruaren lasaitzea hastapenetik beretik nabari da, eta lana aurrera doan neurrian, egoera iraunkor bihurtzen da. Ikasketa eta terapia esperientzia bihurtzen dira: jakintza askatzen dute, hitzak zentzua hartzen du.

Arnasaldi bakoitza gorputzaren mugimendua da eta hala hautemangarri da. Hori ikasi egiten da. “Hautematearen oroimena” garatzen da eta gure arnasteak jakintza berri baten iturri agorrezina dirudi. Jakinduria hori senaren, sentitzearen eta intuizioaren alor zabalean oinarritzen da.